Historia

Eusko Jaurlaritzak gure industria sendotzeko zuen arduratik sortu zen EUSKALIT 90eko hamarkadan. Horrenbestez, 1992ko abenduaren 15ean, 18 euskal erakunde batu egin ziren eta EUSKALIT sortu zuten, kudeaketaren hobekuntza eta berrikuntza bultzatzeko asmoz.


Hasierako jardunbidea sotila izan zen, orekatua.1993an hiru pertsona kontratatu genituen lantaldean, eta aurrekontu murritz batekin kalitateko arduradunak prestatzeko programa martxan jarri genuen, industri eta zerbitzu enpresei zuzenduta.

1995ean gure Ebaluazio Kluba sortu genuen. Hasieran, ebaluatzaileek beraien kudeaketa sistemari buruz hausnarketa egiten zuten erakundeei laguntza ematen zieten, haien indargurneak eta zer hobetuak identifikatzen laguntzen. Ondoren, 1997an lehenengo kanpo ebaluazioak egin genituen, eta 1998an lehenengo zilarrezko eta urrezko Qak banatu genituen.


1995ean soilik 12 pertsonak osatzen zuten Kluba, baina orduz geroztik hazten joan da, egungo 2.000 pertsonetara heldu arte. Pertsona horiek zuzendaritza-taldeei modu altruistan laguntzen diete kudeaketaren arloan euren egoera ezagutu dezaten.

Ondoren, beste ebaluatzaile klub batzuk osatu ditugu: 5S Kluba produktibitate eta lantokia hobetzen laguntzen duen metodologia mantentzen laguntzeko, Bikain, gure erakundeen hizkuntza-kudeaketa ebaluatzeko, etab.

Denboraldi honetan erakunde askok barneratu dute gure mezua, Kudeaketa Aurreratuarekin konpromisoa dute eta EUSKALITekin elkarrekin lan egiten dute, hala nola, laguntzaileak diren 700 erakunde eta entitateek.