Kudeaketa Aurreratua
Laguntzak

UPV/EHUK eta EUSKALITEK hitzarmena sinatu dute, kudeaketa aurreratua sustatzeko

  • 8 de febrero de 2019

Nekane Balluerka Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak eta Josetxo Hernández EUSKALITeko presidenteak hitzarmena sinatu dute, unibertsitateko zentro eta administrazio unitate guztietan Kudeaketa Aurreratuaren Eredua ezarri eta zabaltzeko.

Eredu hori abian jartzean unibertsitate kudeaketa hobetu nahi da, langileei prestakuntza eman, lortutako aurrerapenak egiaztatu eta UPV/EHUko zentro eta administrazio unitateetan kudeaketa aurreratuaren aitorpena lortu. Akordio honetan aurreikusten diren jarduerak garatzeko, EUSKALITek UPV/EHUko fakultate, eskola, unitate eta ikertaldeei zenbait kudeaketa arlori –besteak beste berrikuntza, lidergoa, pertsonak edo prozesuak– buruzko kontrastea eta diagnostikoa egiteko zerbitzuak eskainiko dizkie. 

Gainera, bi erakundeek Unibertsitatean kudeaketa aurreratuaren kontzeptuekin lotura zuzena duten master eta doktoregoetako moduluen diseinuan jardungo dute elkarlanean. Hitzarmenaren bidez, unibertsitate zentroen kudeaketa hobetzeaz gainera, ikasleen artean, Enpresatik Gelara zerbitzuaren bidez, besteak beste, kudeaketa aurreratuaren teknikak eta metodologiak zabaltzen eta ezagutzen lagunduko da. Zerbitzu horren bitartez EUSKALITeko Ebaluazio Taldeko kudeatzaileak eta zuzendariak gradu eta masterretako ikasleekin harremanetan jarri ahalko dira. 

Kudeaketa Aurreratuaren Eredua gida bat da, erakundeei, erakundeen lehiakortasunean eragina duten sei elementu handietan (emaitzak, estrategia, bezeroak, pertsonak, gizartea eta berrikuntza), beren indarguneak eta hobekuntza arloak identifikatzen laguntzeko. Eredu hori erreferente nagusia da Euskal Autonomia Erkidegoan erakundeak kudeatzeko eremuan. 

 Nekane Balluerka errektorearen iritziz, hitzarmen honen bidez finkatu egiten da bi erakundeen arteko harremana, baina, batik bat, unibertsitate gestioaren ereduaren hobekuntza sustatzen da. “Euskaliten KAE eredua bat dator sustatzen dugun kudeaketaren funtsezko printzipioekin: unibertsitate osoaren lana gizartearen onerako bideratzea, partaide sentimendua sendotzea, gizarte erantzukizuna sustatzea eta gure lana berrikuntzara, lehiakortasunera eta bikaintasunera zuzentzea. Hori horrela, Euskaliten lankidetza eskertu eta aprobetxatu beharreko balio erantsia da". 

Bestalde, EUSKALITeko presidenteak eskerrak eman zituen, Unibertsitateak bere prozesuen kudeaketa etengabe hobetzeko duen konpromisoagatik eta horrek beste erakunde batzuentzat eredu izateko gaitasunagatik, eta Euskalitek gero eta unibertsitate hobea eta nazioartean gero eta aintzatespen gehiagokoa lortzen aktiboki elkarlanean jarduteko prest dagoela berretsi zuen.