Enpresen tamaina da kudeaketa-mailarekin lotura estua duen faktoreetako bat. Datuek baieztatzen duten bezala, enpresa handiagoek ikuspegi gehiago izaten dituzte kudeaketa sistematizatzeko eta hobetzeko; arrazoizkoa da hori, dimentsio handiagoko erakundeek konplexutasun handiagoa izaten baitute. Enpresa txiki eta ertainek (ETE) ere kudeaketarekiko kezka hori parteka dezakete, baina, egia esan, zertxobait gehiago kostatu ohi zaie; logikoa ere bada hori, horrelako jardueretarako eskuragarri dauden baliabideak urriak dira eta.

Behatoki honetan makina bat artikulu argitaratu ditugu, kudeaketa aurreratuak emaitza hobeak lortzen lagun dezakeela erakusten dutenak, hainbat ikuspegitatik: enpresetan oro har, eremu espezifikoetan eta baita startupetan ere. Hala ere, ETEei dagokienez, dauden ikerketak urriak eta magnitude txikikoak dira. Nolanahi ere, interesgarritzat jo ditugun horietako pare bat aurkitu ditugu, eta horien emaitzak laburbilduko ditugu jarraian.

Lehena Business Practices in Small Firms in Developing Countries (2017) da. Ikerketa honetan, garapen-bidean dauden hainbat herrialdetako ekintzaileek sortutako mikroenpresen kudeaketa-jardunbideen arteko lotura aztertu zen. Datuak bildu eta aztertu ondoren, egileek ondorioztatu zuten Kudeaketa-jardunbide hobeak izateak biziraupen-tasa altuagoak eta salmenten hazkunde azkarragoa aurreikusi zituela, eta honela azaldu zuten:

“… Helburuak eta ikasketa-maila izan dira enpresen emaitzen aniztasunaren arrazoi nagusiak. Ikerketa honetan ondorioztatzen denez, erabiltzen dituzten kudeaketa-praktiken kalitateagatik ere bereizten dira, eta praktika horiek ondorioak dituzte enpresa-emaitzetan, giza kapitalaren ondorioetatik independenteak baitira “.

Kudeaketa-praktiken eta salmenten arteko erlazioa

Gai hau ikertzen duen bigarren ikerketa, berriagoa eta Euskadiko errealitate ekonomikotik hurbilago dagoena, Management practices and SME performance (2019) da. Lan honetan, mila bat enpresa britainiarren kudeaketa-praktiken eta haien enpresa-emaitzen arteko harremana aztertu zen, metodo nahiko zorrotz eta egituratua erabiliaz. Erdiak ETEak ziren eta heren bat txikiak (5-49 pertsona). Ondorio orokor hauek atera zituzten:

“… estatistikoki esanguratsua eta positiboa den erlazio bat aurkitzen dugu kudeaketa-praktiken eta biziraupenaren artean (…) eta estatistikoki esanguratsua eta positiboa den erlazio bat enpresaren hazkundearekin eta produktibitatearekin…”

Gainera, ikerketa honetan beste aurkikuntza interesgarri eta aipagarri batzuk ere izan ziren:

  • Emaitza onenekin gehien erlazionatu ziren kudeaketa-praktikak giza baliabideenak eta helburuak ezartzearenak izan ziren.
  • Kudeaketa-praktikak ohikoagoak izan ziren ikasketa-maila altuagoko pertsonak zituzten enpresetan.
  • Atzerriko jabetzako enpresek eta nazioarteko merkatuetan jarduten dutenek gehiago erabili zituzten kudeaketa-praktika formalak.
  • Sareetan parte hartzea (federazioak, elkarteak, merkataritza-ganbera, etab.) kudeaketa-praktika gehiagorekin lotu zen.
  • Kudeaketa-praktika formalak ugariagoak ziren enpresa handiagoa zenean.

Laburbilduz, nahiz eta ETEentzat zaila izan kudeaketa aurreratua hedatzeko baliabideak izatea, orain arte eskura dauden datuek adierazten dute inbertsio ona izan daitekeela, praktika mota horiek, oro har, emaitza hobeekin lotzen baitira.