Intuizioak eta sen onak, kudeaketa “ona” izatea garrantzitsua dela pentsarazten digute, baina kudeaketa-mailak zenbaterainoko eragina du lehiakortasunean?

Egia esan, historikoki, lehiakortasunaren guru nagusiek ez diote garrantzi berezirik eman kudeaketa-mailari. Michael Porter berak ez zuen bere 5 indarguneetan sartzen, eta gaur egun ere, ildo horretan, berrikuntzak titular gehienak bereganatu dituen garaian, kudeaketak ez du protagonismo berezirik izaten. Baliteke ez aipatze horren atzean gaiari buruzko ikerketen eskasia egotea; Tom Petersen “Bikaintasunaren bila” bezalako erreferentziazko liburuak kudeaketa-jardunbide egokiak jendearen aurrean ezagutarazteko gai izan ziren arren, orain arte, kudeaketaren hobekuntzak lehiakortasunari lotutako emaitzetan duen eragina aztertzeko ikerketa sistematiko eta zorrotz gutxi egon dira.

Duela gutxi, zentzu horretan bereziki interesgarria den lan bat ezagutu ahal izan dugu. Ia hamar urte informazioa biltzen ari den “What Drives Differences in Management Practices?“ (2019) izeneko ikerketa baten azken argitalpena da. London School of Economics-eko Centre for Economic Performance-ren “World Management Survey” izeneko proiektuan oinarritzen da, 10 mailatan koantifikatuta mundu osoko 35.000 erakunderen kudeaketa-mailari buruzko emaitzak eta informazioa biltzen dituen datu-bilketa masiboan.

Kaleratu berri den argitalpen horretan, enpresaren kudeaketa-mailaren eta lehiakortasunaren funtsezko 6 faktoreren emaitzen arteko erlazioa aztertzen da (langile bakoitzeko balio erantsia, irabaziak, desagertze-tasa, orduko produkzio-soldata, langile bakoitzeko I+G gastuak, 1.000 langile bakoitzeko patenteak), eta emaitzak erraz ikusteko moduko grafiko batzuetan erakusten ditu. Irudi honetan ikus daitezke:

Ikus daitekeenez, korrelazioa oso argia da: zenbat eta kudeaketa-maila handiagoa, orduan eta lehiakortasun-emaitza hobeak. Argi eta garbi, eta salbuespen barik.

Gainera, egileek ondorioztatu zuten kudeaketaren pisu kuantitatiboa benetan handia zela lehiakortasunean, eta honela adierazi zuten:

“Kudeaketa-jardunbideak produktibitatearen aldakuntzaren % 20 baino gehiago dira, I+G, IKT edo giza kapitalaren antzeko ehunekoa edo handiagoa”.

Azterlanak beste alderdi interesgarri bat ere aztertu zuen, enpresen kudeaketa-maila hobetzea erraztu zezaketen kanpoko aldagaiak, eta honako ondorio hauek atera zituen:

“Kudeaketa hobetzeko funtsezkoak diren bi faktoreren ebidentzia aurkitu dugu: lehenengoa (…), lan-eskubideak babesten eta pizgarriak kudeatzeko jardunbideak bultzatzen dituzten legeak egotea. Bigarrena, ingurunearen kudeaketa-maila handitzea eragiten duen enpresa handien trakzio-efektua izango litzateke.”

Jatorrizko dokumentuan azaltzen den bezala, kanpoko bi aldagai horiei, aurreko argitalpen batean identifikatu ziren beste bi gehitu beharko litzaizkieke::

  1. Produktuetan/zerbitzuetan eta enpresen garapenerako gobernu-politiketan eskumenak dituen enpresa-ingurune bat egotea.
  2. Hezkuntza eta prestakuntza.

Azken batean, ikerketa horrek nahiko argi erakusten du kudeaketa garrantzitsua dela lehiakortasunerako, eta, beraz, garrantzitsua da kudeaketa bultzatzen duten lau faktoreak lantzea.