Ez dago eztabaidarik enpresen esportazio-gaitasunak lehiakortasun-faktore gisa duen garrantziari dagokionez. Aspalditik frogatuta eta onartuta dago, eta Euskadin aurrerapen asko egin ditugu azken urteotan, enpresetako arduradunen proaktibitateari eta erakunde publikoen ekimenen laguntzari esker batik bat.

Eta duen garrantzia kontuan hartuta, interesgarria izango litzateke kudeaketarekin duen harremana jakitea. Hobeto kudeatutako enpresek gehiago esportatzen dute? Kudeaketak esportazio gehiago eta hobeak izaten lagundu dezake?

Ikerketa berri batek lehen aldiz aztertu du gai hori , “Trade and Management” (2021), The Review of Economics and Statistics aldizkarian argitaratua (eta esteka honetan osorik eskuragarri). Lan interesgarri honetan, ikertzaile-taldea milaka enpresaren azken bi hamarkadetako datuetan oinarritu da, bi ingurune oso ezberdinetan, Txina eta EEBB.

Eta hauek izan dira ondorio nagusiak:

… hobeto kudeatutako enpresek esportazio-jarduera handiagoa dute hainbat dimentsiotan. Kudeaketa eraginkorragoa duten enpresek, esportatzeko aukera gehiago dituzte. Eta esportatzen badute, produktu gehiago saltzen dituzte leku gehiagotara, eta diru-sarrera eta irabazi handiagoak lortzen dituzte horrekin. Gure emaitzak mugatuagoak dira salmenta nazionaletan, eta horrek iradokitzen du kudeaketa garrantzitsuagoa dela merkataritza-eragiketetarako.

(…) hobeto kudeatutako enpresek esportazio-prezio altuagoak kobratzen dituzte produktu espezifikoen merkatuen barruan. (…) kudeaketa hobea ekoizpen-kalitate handiagoarekin eta prezio baxuagoekin lotuta dago. (…) hobeto kudeatutako enpresek inportatutako sargai garestiagoak eta kalitate handiagokoak erabiltzen dituzte, baita ekonomia garatuetako hornitzaile gehiago ere. Era berean, jatorrizko herrialde gehiagotako tarteko sargai gama zabalagoa lortzen dute. “

Azken batez, badirudi kudeaketa on bat laguntza ona izan daitekeela gehiago eta hobeto esportatzeko.