Aurreko postetan ere aipatu dugu RIS (Regional innovation scoreboard), Europako eskualdeen berrikuntza-maila ebaluatzen duen ekimena, eta azken urteetan Euskadik bilakaera positiboa izan duena.
Duela aste batzuk argitaratu da azken txostena, 2023ko datuekin, eta, beste behin ere, Euskadik hobera egin du bere posizio orokorrean eta hainbat emaitzatan.
Honela laburbiltzen da komunikazio instituzionalean:
“Regional Innovation Scoreboard 2023k (RIS 2023) “berrikuntza handiko” eskualdeen taldean kokatzen du Euskadi, 239 eskualdetako # 72raino 21 postu igo ondoren.
Ondoen kokatuta dagoen estatuko Autonomia Erkidegoa da eta berrikuntzan duen errendimendua EB-27ko batez bestekoa baino handiagoa da (% 109,8).
Beste behin ere, Europako Batzordeak “bikaintasun-gune” (pocket of excellence) gisa aipatzen du Euskadi, berrikuntza handiko eskualdea delako berrikuntza ertaineko estatu batean.
Indargune nagusiak honako hauek dira: gazteen kualifikazio handia, berrikuntzaren inpaktu handiak produktu berrien salmentari dagokionez eta bizialdi osoko ikaskuntza-prozesuetan dauden pertsonen ehuneko handia.
Euskadik ETE berritzaileen ehunekoa handitzeko erronkari eusten dio, baita berrikuntzarako jardueretan inbertsioa handitzeko erronkari ere, besteak beste diseinuan, marketinean, jabetza intelektualaren eta industrialaren kudeaketan edo prestakuntzan.”
Euskadiko emaitza guztiak zehatzago ezagutzeko, Innobasquek txosten oso bat argitaratu du, esteka honetan eskuragarri dagoena.
Eta Kudeaketa Aurreratuaren eta berrikuntzaren arteko lotura ezagutzeko, beste esteka honetan behatoki honetan argitaratutako artikulu guztiak aurki ditzakezu.