Plan estrategikoak, kudeaketa-planak, berrikuntza-planak, epe luzerako planak, ekintza-planak… Erakundeetan denbora asko ematen da planifikatzen, ikuspegi desberdinetatik eta metodologia desberdinekin. Plangintza kudeaketaren funtsezko faseetako bat da, eta PDCA zikloaren – etengabeko hobekuntzarako tresnarik ezagunena eta erabiliena – lehen fasea da.
Garai nahasi eta aldakorretan bizi garela kontuan hartuta, plangintza hori guztia benetan al da baliagarria eta positiboa? Eta, batez ere, emaitza hobeak lortzen laguntzen al du? Harrigarria bada ere, galdera honen erantzuna ez zen oso argia, orain arteko ikerketek oso emaitza desberdinetara iristen baitziren. Baina duela egun batzuk ikerketa zabal eta sakon bat argitaratu da, erakundeetako plangintzaren eta errendimenduaren arteko lotura aztertuz, eta gai horri buruz argi gehiago emanez.
Meta-Analysis of the Corporate Planning–Organizational Performance Relationship: A Research Note (2022) lanaz ari gara. Metanalisi honetan, mundu osoan egindako 150 ikerketen emaitzak identifikatu, taldekatu eta sintetizatu dira, plangintza korporatiboaren eta enpresa edo negozio-emaitzen arteko erlazioa aztertuz. Eta hori egin duen taldeak esaldi konbentzigarri honekin laburbiltzen ditu bere ondorio nagusiak:
“Oro har, gure metanalisiak erantzun argia ematen dio duela hamarkada batzuk egindako galdera bati: Plangintza (korporatiboa) errentagarria al da? Erantzuna baiezkoa da.”
Nabarmentzekoa da ikerketa-taldeak plangintza-sistemaren sofistikazioaren eta emaitzen arteko erlazio positiboa ikusi zuela, mota eta tamaina guztietako enpresetan gertatzen dela, baina argiagoa da fabrikazio-enpresetan, zerbitzu-enpresekin alderatuta, eta enpresa handietan, txikiekin alderatuta.
Emaitza horiek adierazten dutenez, ez dirudi aitzakiarik dagoenik plangintzak egiteari uzteko, baita ziurgabetasun handiko inguruneetan ere. Eta bat datoz EUSKALITen duela urte batzuk Orkestrarekin batera egin genuen lan txiki batekin. Bertan, emaitza onetan eragin handiena izan zuten kudeaketa-praktikei buruz galdetu genien erakunde aurreratu batzuen arduradunei. Gehienek, planak diseinatzea eta haien jarraipen sistematikoa egitea aipatu zuten.