Pandemiak enpresa estrategia ugari desegin ditu mundu osoan zehar. Baina bizitzak aurrera jarraitzen du, eta gaur egun estrategiaren kudeaketaren garrantzia inork zalantzan jartzen ez duen arren, kudeaketa horren egituraketa-maila optimoari dagokionez hainbat ikuspegi daude. Batzuek zorroztasunaren eta sistematikotasunaren alde egiten dute, beste batzuek intuizioaren eta malgutasunaren alde, aldaketen abiadura handian eta gero eta aurreikuspen konplexuagoan oinarrituta.

Ikuspegi baten eta bestearen aldeko teoriak eta adituak dauden arren, egia da CEOek estrategia kudeatzeko duten moduari buruz dagoen ebidentzia oso urria dela. Horregatik, bereziki interesgarria da duela gutxi Harvard Business Schoolen Working Knowledge webgunean argitaratutako “How Do CEOs Make Strategy?“ azterlana.

Egileek, bere garaian Harvardeko ikasle izan ziren CEOek zuzendutako mota eta tamaina askotako enpresen estrategiaren kudeaketa ikertu zuten. Horretarako, estrategia hiru fasetan banatu zuten (eta kudeaketaren hainbat maila zehaztu zituzten, 1etik 3ra edo 1etik 5era bitarteko eskalekin). Ondoren, maila horien eta enpresaren errendimenduaren arteko erlazioa aztertu zuten.

Lortutako emaitzak honela laburbil daitezke:

  • Askotariko ikuspegiak: gehiago edo gutxiago egituratutako era guztietako praktikak daude.
  • Azken fasea, inplementazioarena, batez beste egiturarik txikiena duena da.
  • Enpresa handienek sistematika egituratuagoa izaten dute.
  • Estrategia egituratuagoa kudeatzeak zerikusia du enpresaren hazkunde handiagoarekin.
  • Kudeaketa egituratuagoa erabaki estrategiko gehiago hartzearekin erlazionatzen da, baina baita erabakiak azkarrago hartzearekin ere.
  • Estrategia egituratuaren kudeaketari buruzko prestakuntza (“Porter ikuspegia”) jaso zuten CEOek estrategiaren lehen bi faseak modu egituratuagoan kudeatu zituzten, baina hirugarren fasea (inplementazioa) ez hain modu egituratuan.

Ondorengo grafikoetan emaitza orokorren banaketa eta estrategiaren fase bakoitzari dagokiona ikus daitezke:

Laburbilduz, lan horretatik ondoriozta liteke estrategiaren kudeaketa sistematiko eta egituratua lan-arlo garrantzitsua, lehentasunezkoa eta onuragarria izan daitekeela enpresa askotan. Hori bai, modu arinean egiten dela eta behar den maila guztietara hedatzen dela ziurtatuz.

Edonola ere, jatorrizko dokumentua esteka honetan dago eskuragarri, eta informazio eta ñabardura interesgarri ugari eskaintzen ditu; beraz, oso gomendagarria da osorik irakurtzea.

Gainera, uste dugu ikertzaileek estrategiaren sistematika-maila ebaluatzeko erabili duten matrizea (dokumentuaren 43. eta 44. orrialdeak) nahiko tresna praktikoa izan daitekeela enpresentzat, autoebaluazioa egiteko eta estrategiaren kudeaketarako hobekuntza-alderdiak identifikatzeko erabil baitaiteke. Matrize hori jarraian ikus daiteke (deskargatzeko, eskuineko botoia- “guardar como”).

8899