Pandemiaren ondorioz, munduko biztanleriaren zati handi batek telelana egin behar izan du, erakundeetan gai horri buruzko erabakiak hartzera behartuz. Fase kritikoenak igaro ondoren, pixkanaka nolabaiteko normaltasunera itzultzen ari garen heinean (zailtasunak zailtasun), beharrezkoa da telelanari buruzko planteamendu egituratuak definitzea, lanerako beste tresna bat izan dadin, osasun-egoera edozein dela ere.
Gaia konplexua da eta faktore asko aztertu behar dira, eta produktibitatea garrantzitsuenetako bat da. Lan-modalitate honen oztopo nagusia errendimendua nabarmen murriztuko den beldurra da.
Baina, zer diote ikerketek honen inguruan?
Pandemiaren aurretik egin ziren ikerketek emaitza interesgarriak lortu zituzten. Adibidez, ondorengo errebisioetan telelana eragin positiboekin erlazionatu zen, horien artean errendimendu (produktibitate) handiagoarekin.
Adibidez, Does Working from Home Work? Evidence from a Chinese Experiment (2013) ikerketan, zerbitzu-enpresa handi bateko telefono-arretako ia 250 langilek telelana egin zuten 9 hilabetez, eta produktibitatea % 13 hobetu zuten. Batez ere, atsedenaldiak murrizteari eta erantzundako deien kopurua handitzeari esker. Hala ere, beste ikerketa berriago batean, Co-workers working from home and individual and team performance (2019) , pertsonen arteko elkarreraginen eraginak aztertzera bideratuta, telelana zenbait egoeratan erabilgarria izan daitekeela ondorioztatu zen, baina baita taldeko lanaren errendimenduan eragin negatiboa izan dezakeela ere.
Eta ikuspegi orokorrago batetik, ondorengo errebisioetan telelana eragin positiboekin erlazionatu zen, horien artean errendimendu (produktibitate) handiagoarekin:
- The Good, the Bad, and the Unknown About Telecommuting: MetaAnalysis of Psychological Mediators and Individual Consequences (2007)
- Is Telework Effective for Organizations? A Meta-Analysis of Empirical Research on Perceptions of Telework and Organizational Outcomes (2012)
- Telework, productivity and wellbeing An Australian perspective (2013).
- How Effective Is Telecommuting? Assessing the Status of Our Scientific Findings (2015)
Pandemiaren lehenengo hilabeteetan bizi izan zen konfinamendu-egoera kritikoa zela eta, hainbat erakunde ofizialek telelanaren eraginkortasunari buruzko txostenak eskatu zituzten, zegoen ebidentzia bilduz (oro har aldekoa), eta hau ezartzeko jarraibide batzuk proposatuz. Hona hemen horietako batzuk:
- ELGE (OCDE): Productivity gains from teleworking in the post COVID-19 era: How can public policies make it happen? (2020).
- Europako Parlamentua: The impact of teleworking and digital work on workers and society; Special focus on surveillance and monitoring, as well as the mental health of workers (2021)
Emaitza gaurkotuak emango dituzten ikerketa formalei itxaron beharko den arren, pandemiak datu osagarriak eta aldez aurretiko lan interesgarriak eman ditu, gehienak telelanaren aldekoak edo neutroak (honek produktibitatean izan dezakeen eraginari begira):
- Internet Access and its Implications for Productivity, Inequality, and Resilience: Etxetik lan egin zuten pertsona gehienek antzeko produktibitatea edo handiagoa izan zuten.
- Digital resilience: how work-from-home feasibility affects firm performance (2021): Lana etxetik egiteko hobeto prestatuta zeuden enpresek produktibitate handiagoa izan zuten, eta pandemian zehar emaitza hobeak lortu zituzten.
- The role of telework for productivity during and post-covid-19: results from an oecd survey among managers and workers (2021): Zuzendariek produktibitatea handitu zela sumatu zuten gehienbat.
- Microsoften egindako barne-ikerketa batean: Ez zen aldaketa nabarmenik antzeman produktibitate pertsonalean, baina ondoren egindako beste analisian lankidetza eta komunikazioa okerrera egin zutela ikusi zen .
- The Relationship Between Telework, Job Performance, Work–Life Balance and Family Supportive Supervisor Behaviours in the Context of COVID-19 (2021):Telelanaren eta errendimenduaren arteko loturarik gabe.
Laburbilduz, txosten horiek (eta beste batzuk, adibidez Europako Batzordeak enkargatutako Telework in the EU before and after the COVID-19: where we were, where we head to) erakusten dute ez dagoela ikerketa askorik eta telelanak, oro har eta epe ez oso luzeetan mantenduta, ez duela produktibitatean eragin negatiborik. Izan ere, litekeena da positiboa izatea, baina modu apalean.
Nolanahi ere, produktibitateaz gain, kritikoak izan daitezkeen beste alderdi batzuk ere badaude, eta horietan sakondu beharra dago, hala nola lan-taldeen funtzionamendu egokia, isolatuta sentitzeko arriskua eta deskonektatzeko ezintasunak eragindako gehiegizko lana. Adibidez lehen aipatutako ikerketa amaitzean, telelanean jarraitzeko aukera eskaini zitzaien langileei, baina parte-hartzaile askok nahiago izan zuten bulegora bueltatzea, hain zuzen ere goian aipatutako arrazoi horiengatik. Bestalde, badirudi pandemia osteko Great Resignation atzean telelanean aritzeko nahia ere egon daitekeela, besteak beste. Beraz, ezinbestekoa da pertsonek telelanaren inguruan dituzten iritziak eta beharrak xehetasunez ezagutzea, eta horretan laguntzen ari diren WFH Research bezalako ikerketek lagundu dezakete.
Azken finean, ondorioztatu daiteke enpresek ahalik eta azkarren eta modu argian heldu beharko diotela telelanaren erronkari, mehatxua baino aukera bat dela ikusiz. Ziurrenik, ikuspegi eraginkorrenak eredu malguak izango dira, telelana eta aurrez aurrekoa uztartuko dituztenak, erakundearen eta pertsona bakoitzaren beharrei erantzuteko, autonomia bultzatuz eta erakundeetan beharrezkoak diren harremanak eta komunikazioa mantenduz.