Lehia handiko garaia bizitzen ari gara erakundeen artean talentua erakartzeko eta atxikitzeko eta litekeena da etorkizun hurbilean lehia hori areagotzea. Horregatik, funtsezkoa da erakarpena eta atxikipen hori lortzeko aldagaiak eta testuinguruak kudeatzea, eta, zalantzarik gabe, konpromisoa haien artean dago.

Kudeaketa Aurreratuaren Ereduan konpromisoa esplizituki aipatzen da Pertsona elementuaren hirugarren azpi-elementuan (P3: “Pertsonen konpromisoa eta motibazioa nola bultzatzen dugun” ), eta horri buruzko kudeaketa-gomendio batzuk jasotzen dira. Baina zertaz ari gara zehazki “konpromisoaz” hitz egiten dugunean?

Nahiz eta “engagement” eta “commitment” terminoen itzulpen gisa erabili, guk lehenengoaz hitz egingo dugu: “engagement”. “Who is Engaged at Work?: A Large-Scale Study in 30 European Countries” (2019) ikerketetan definizio hau erabili zen termino horretarako:

“Lanean egoera mental positiboa eta gogobetegarria, kemena, dedikazioa eta murgilketa ezaugarri dituena” (…). Kemena: energia eta erresilientzia mental maila altua izatea, ahalegina inbertitzeko borondatea eta zailtasunen aurrean pertseberantzia da. Dedikazioa: garrantzi, gogo, inspirazio, harrotasun eta erronka zentzuari dagokio. Eta murgilketaren ezaugarri nagusiak kontzentrazio egokia eta denbora azkar igarotzen delako sentsazioa dira.”

Kudeaketaren ikuspegitik, lehenengo urratsa pertsonen konpromiso-maila neurtzea izango litzateke. Ikerketa zientifikoetan erabilitako metodologietako bat “Utrecht Work Engagement Scale” galdetegia da eta honako galdera hauek ditu:

  1. Nire lanean energiaz beteta sentitzen naiz.
  2. Egiten dudan lanak arrazoi bat du, asmo eta helburu argiak ditu.
  3. Denbora azkar pasatzen da lanean nagoenean.
  4. Nire lanean kementsu sentitzen naiz.
  5. Oso pozik nago nire lanarekin.
  6. Lan egiten dudanean, gainerako guztia ahazten zait.
  7. Nire lanak inspiratzen nau.
  8. Goizean jaikitzen naizenean lanera joateko gogoa izaten dut.
  9. Pozik sentitzen naiz buru-belarri lanean ari naizenean.
  10. Harro nago egiten dudan lanaz.
  11. Nire lanean murgilduta nago.
  12. Denbora luzez jarrai dezaket lanean.
  13. Niretzat, nire lana erronka bat da.
  14. Lanean, erresistentzia mental handia daukat.
  15. Zaila da nire lanetik deskonektatzea.
  16. Nire lanean beti ekin egiten dut, baita gauzak ondo ez doazenean ere.

Asko erabiltzen den beste metodologia bat Gallup aholkularitza-enpresak erabiltzen duena da; izan ere, urteak daramatza laneko konpromisoari buruzko inkestak egiten eta horri buruzko emaitzak ematen. Kasu honetan, konpromisoarekin lotutako lau eremu ezartzen dira (garapena, talde-lana, banakako ekarpena eta oinarrizko premiak), eta honako 12 galdera hauek sartzen dira:

  1. Lanean badakit zer espero den nigandik.
  2. Nire lana ondo egiteko behar ditudan baliabideak ditut.
  3. Lanean, egunero hobekien ematen zaidana egiteko aukera dut.
  4. Azken astean lana ondo egiteagatik aitortu naute.
  5. Nire arduraduna edo laneko norbait nitaz arduratzen da, pertsona naizen aldetik.
  6. Nire garapena sustatzen duen norbait dago lanean.
  7. Lanean, nire iritziak kontuan hartzen dira.
  8. Nire enpresaren misioak edo xedeak nire lana garrantzitsua dela sentiarazten dit.
  9. Nire laguntzaileek edo lankideek lan ona egiteko konpromisoa dute.
  10. Lagun on bat daukat lanean.
  11. Azken sei hilabeteetan, norbaitek hitz egin du nirekin nire aurrerapenaz.
  12. Azken urte honetan ikasteko eta hazteko aukerak izan ditut lanean.

Galdetegi honen erabilerak balio erantsi interesgarria eskaintzen du: lortutako emaitzak Gallupek bere prospekzioetan lortzen dituenekin aldera daitezke (2023ko txostena esteka honetatik deskarga daiteke).

Proposamen horiek guztiak oinarri egokiak izan daitezke pertsonek lanean duten konpromisoaz hitz egiten denean zertaz ari garen ulertzeko eta konpromiso hori neurtzen hasteko, horrela gure egoera ezagutu eta hobetu daitezkeen arloak identifikatu ahal izango ditugu.

Gero ekintza eta proiektuen bidez erantzun beharko zaie, noski…