Kudeaketa Aurreraturantz aurrera egiteko, zorroztasuna funtsezkoa da, bai informazioaren kalitatearen ikuspegitik, bai erabakiak hartzeko irizpideen ikuspegitik. Horregatik, garrantzitsua da zorroztasun hori arriskuan jar dezaketen ikuspegiak identifikatzea eta prebenitzea. Zentzu horretan, erakundeen kudeaketaren munduan “Bullshit” terminoa erabiltzen da (“lelokeria”, “ergelkeria” edo “inozokeria” gisa itzul daitekeena), komikoa ere irudi lezakeen terminoa, baina bere garrantzia duena. Hori ikertu duten adituen arabera, “lelokeriak itxuraz nonahikoa den komunikazio-jardunbide bihurtu dira, eta gure bizitzaren alderdi asko ukitzen ditu, baita gure eguneroko hizkuntza, kultura, politika eta (…) erakundeetako bizitza ere” (iturria).

Arlo honetan ikertzeko funtsezko alderdietako bat “lelokeria” horiek zer diren argi eta garbi definitzea da, modu estandarizatuan identifikatu ahal izateko. Ildo horretan, duela denbora gutxi egin den “This Place Is Full of It: Towards an Organizational Bullshit Perception Scale” (2020) ikerketan, lagungarri izan daitezkeen azalpen batzuk jaso dira.

Antolakuntzako lelokeriak honela definitu ohi dira: “egian oinarritzen ez diren komunikazio-ekintzak” eta “idatziz (mezu elektronikoak, memoriak, txostenak), hitz egitean (elkarrizketak eta diskurtsoak) eta modu bisualean (grafikoak, diagramak) adieraz daitezke. (…) Garrantzitsua da lelokeriak eta gezurrak bereiztea. Gezurtiei egia axola zaie, egia ezagutzen dute eta nahita desitxuratzen dute, baina lelokeriak esaten dituztenek ez dakite eta ez zaie axola komunikatzen duten zerbait egia den ala ez. (…). Lan egiteko lekuak, oso modu desberdinetan adierazten diren lelokeriaz beteta daude. Adibidez, liderrek gertaerak ezagutu gabe egiten dituzten adierazpenak; zentzurik gabeko titulazioak; eslogan faltsuak eta azalekoak; edo gehiegikeriak, curriculuma “gizentzea”, adibidez.”

Duela denbora gutxi egin den “Confronting indifference toward truth: Dealing with workplace bullshit“ (2020) azterlanean, ikertzaileek honako taula hau sartu zuten, antolakuntza-lelokeriak ulertzen lagun dezaketen azalpenekin eta adibideekin:

Aipatzen ari garena hobeto ulertzeko, lehen azterlanean, pertsonek euren erakundeko lelokeriei buruz duten pertzepzioa neurtzeko metodo bat proposatzen da, ohikoenak nahiko argi deskribatzen dituen galdetegi baten bidez itaunduz (galdetegi hori behar bezala probatu eta balioztatu zen). Lelokeriak bultzatzen dituzten funtsezko hiru dimentsioetan oinarrituta gauzatu zen: egiarekiko eta ebidentziarekiko errespetu eskasa; liderrek horiek sakabanatzea; eta akronimoz eta jargoiz betetako “hizkera leloa” erabiltzea.

Hauek lirateke galdetegi horretan proposatzen diren 15 itemak (R batek lelokeriekiko erlazioa alderantzizkoa dela esan nahi du):

  1. Hartutako erabakiak justifikatzen dituzten ebidentziak aurkeztu behar dira (R).
  2. Jendeak, sarritan, frogatu ezin dituen baieztapenak egiten ditu.
  3. Erraza da erabaki onak hartzen laguntzen duen informazioa eskuratzea. (R)
  4. Erabakiak hartzen ditugunean, garrantzi handiagoa ematen diegu frogei iritzi pertsonalei baino.(R)
  5. Jendea gauzak egin ditzan konbentzitu dezakezu, ebidentziak zure argudioak babesten ez baditu ere.
  6. Pertsonek denbora ematen dute erabakiak hartu aurretik datuak biltzen eta aztertzen. (R)
  7. Aurrera egin nahi baduzu, dena ondo doala azpimarratu, ebidentziak kontrakoa esan arren.
  8. Nire nagusiak behar duena esango du pentsatuta duena lortzeko.
  9. Nire nagusiek hitz egiten dutenean, euren iritziak logikaz argudiatzen dituzte. (R)
  10. Nire nagusiak, egia diren edo ez diren gauzak esaten ditu.
  11. Pertsonek zertaz ari diren ez dakitenean ere, nire nagusiak sarritan onartzen ditu haien iradokizunak.
  12. Nire nagusiak oso gogoko du siglak erabiltzea.
  13. Nire nagusiari asko gustatzen zaio hizkera berezia erabiltzea.
  14. Jendeak maizegi erabiltzen du hizkera berezia.
  15. Jendeak sarriegi erabiltzen ditu akronimoak.

Baliteke egoera jakin batzuetan lelokerien noizbehinkako erabilera positiboa izatea eta giro ona sortzen eta sormena bultzatzen laguntzea, baina gaiari buruzko literatura zientifikoak adierazten du erakundeetan lelokerien erabilera sustraitua negatiboa izaten dela, gertakarietan eta datuetan oinarritutako kudeaketa zailtzen duelako eta komunikazio-arazoak sustatzen dituelako.

Horregatik, aipatutako azken azterlanean, egileek lau faseko eredu bat proposatzen dute (ulertzea, identifikatzea, jardutea eta prebenitzea) –modu ironikoan deskribatuta C.R.A.P. akronimoaren bitartez deskribatua–. Antolakuntzako lelokeriak kudeatzeko gidalerroak eta gomendioak ditu:

Garai honetan, desinformazioa eta fake news-ak nonahi daude, eta “factcheckers”-ak beharrezko bihurtu dira; beraz, ideia ona izan daiteke erakundeetan ere arlo horretan lan egitea.