Hasiera | Loturak eta materialak | Glosarioa | Argitaratu
eus / cas

Eika S. Coop.

Euskara planaren saretzea

Erakundea: Eika S. Coop.
Sektorea: Industria
Langile kopurua: + 251
www: www.eika.es
Erakundearen jardueraren deskribapena: Egosketa elektrikoari zuzenduriko osagaiak fabrikatzen ditu Eikak; sukalde gainetarako soluzioak merkaturatzen ditu, foku erradiatzaileak eta kontrolak. Merkatuari dagokionez, mundu osoan saltzen du Eikak; bai Amerikan, bai Europan eta baita Asian ere. Etxetresna ekoizleak dira Eikaren bezero nagusienak: Whirlpool, Balay, Teka eta Samsung esaterako. Etxetresnen osagaietan munduko liderra da Eika, merkatuan dauden bitrozeramiken %40k baino gehiagok baitaukate EIKA osagairen bat. Etxebarrian (Bizkaian) dauka egoitza nagusia. Eta Queretaron (Mexikon) dauka beste planta bat. Guztira 448 langilek osatzen dute Eika Taldea. 
Hitz gakoak
Estrategia
Erreferentzia Marko Estandarraren elementua
6-Kudeaketa-sistema
Kudeaketa aurreratuaren ereduaren elementua
1-Estrategia

Euskara planaren saretzea

AZALPENA:

Euskara Batzordeak urteko gestio plana diseinatzen duenean, hainbat ekimen planifikatzen ditu; erabilera sustatzearekin, motibazioarekin edo komunikazioarekin lotutakoak adibidez. Horietako bakoitza gauzatzeko lantalde bat sortzen da; lantalde horretan Euskara Batzordeko kide bat edo bi egoten dira, eta gero Eikako beste langileei ematen zaie lantalde horietan parte hartzeko aukera; kasu batzuetan jendea bolondres aurkezten da, eta beste batzuetan lantaldeak osatzeko zozketak egiten dira. Lantalde horiek sortu eta ekimenak gauzatzeko moduan datza beraz praktika onak. Izan ere, helburua da Eikako ahalik eta jende gehiena inplikatzea euskara planetik antolatzen diren ekimenetan, ekimen horien antolakuntzatik abiatuta. Lantaldeek hasiera eta amaiera data zehatzak izaten dituzte, dedikazio zehatza eskatzen dute, langileen lan orduetan sartzen dira, talde horietako partaideen arduradunen oniritziarekin. Modu horretara, Eikako langileek euskara planean parte hartzeko aukera zabaldu da, parte hartzea eskatzen duten ekimenak gehitu direlako, eta aldi berean, dinamika bakoitzean parte hartze maila desberdinak eskaintzen direlako; esaterako, langile bat Euskara Batzordeko kide izan daiteke 4 urtez, edo, Korrikako lantaldean parte hartzeko aukera dago 2-3 hilabetez, edota Euskara eguneko lehiaketan parte har dezake.

NONDIK DATOR?

2021-2024 epealdirako zehaztu zen Euskararen plan estrategikoa egiterakoan zehaztu ziren lau erronketatik bat honakoa izan zen: "Kolektiboaren euskararekiko atxikimendua indartzea". Eta hori lortzeko planteaturiko estrategiak honakoak dira:

1. Motibazioa eta sentsibilizazioa landuz

2. Euskara planean egiten dena kolektibo osoari komunikatuz

3. Langile guztiek parte hartzeko aukera izan dezaketen ekintza txikiak antolatuz

Horrez gain, 2023an "Gehi ikerketa" egin da Eikan. Ikerketa horri esker, labur esanda, euskara planak enpresaren lehiakortasunean eragiten duela ondorioztatu da. Eikaren kasuan zehazki taldetasunean eragiten duela ondorioztatu da. Hortik abiatuta, lehenagotik egiten ziren praktikak egonkortzen eta hedatzen ari dira.

ONURAK:

Euskara planaren irismena nabarmen handitu da. Eikan euskara planean aktiboki parte hartzeko aukera zabaldu denean, parte hartze maila handitu egin da, euskara plana saretuago dago. Orokorrean, euskara plana kolektiboarengandik hurbilago dago.

Praktika ona hobeto ulertzeko, Gehi ikerketaren bideoaren lotura azpian.



Loturak eta materialak

2021ean Hizkuntza Politikarako Sailbuurordetzak "Kudeaketa Aurreratua eta hizkuntzen kudeaketa. Integraziorako Gida" tresna garatu zuen, Euskaliten laguntzarekin. Gida honek hizkuntzen kudeaketan garrantzia duten kontuak kudeaketa sistema orokorrean integratzeko bidea ematen du, kudeaketa aurreratuaren ikuspegi eta tresnekin lerrokatuta.

Kudeaketa Aurreratua eta hizkuntzen kudeaketa. Integraziorako Gida

Jendaurrean.eus gida. Jendaurreko komunikazioan euskara gehiago, hobeto edo eraginkorrago erabili nahi duten erakunde eta eragileen jarduna errazteko bide eta bitartekoak jasotzen dira.

Proiektuaren erakunde sustatzaileak izan dira: Soziolinguistika Klusterra eta Euskal Herriko Unibertsitatea, eta  babesleak Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia.

Jendaurrean.eus erakundeek euskaraz komunikatzeko gida

Kudeaketa Aurreratuaren Ereduaren helburua da erakundeei beren kudeaketa hobetzen laguntzea, edozein dela ere beren sektorea, tamaina eta garapen-maila. Eredu honi esker erakundeak bere indarguneak eta zer hobetuak identifikatu ahal izango ditu, lehiakortasunean eta iraunkortasunean eragiten duten 6 eremutan.

Kudeaketa Aurreratuaren eredua