Hasiera | Loturak eta materialak | Glosarioa | Argitaratu
eus / cas

Elhuyar

Hizkuntza-kalitatea bermatzeko prozesua

Erakundea: Elhuyar
Sektorea: Zerbitzuak
Langile kopurua: 21-100
www: https://elhuyar.eus
Kontaktuaren izena: Aitziber Salaberria Arregi
Kontaktuaren posta elektronikoaren helbidea: a.salaberria@elhuyar.eus
Kontaktuaren telefono zenbakia: 943 36 30 40 (luzp.: 503)
Erakundearen jardueraren deskribapena: Irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatua gara. 1972an jaio ginen, zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Kultura-elkarte gisa egin genituen lehen urratsak, eta 2002an fundazio bihurtu ginen. Zientziak eta euskarak zutabe garrantzitsuak izaten jarraitzen dute, baina, gaur egun, ezagutza aurreratua aplikatzeko zerbitzuak eskaintzen ditugun erakundea gara. Enpresa, gizarte-eragile eta administrazioei irtenbide berritzaileak sortzen laguntzen diegu, mundu globaleko egungo erronkei erantzunez, diziplina anitzeko ikuspegiarekin. Euskararen eta euskal gizartearen garapenean erreferente izateko, lankidetzan dihardugu zientziaren, adimen artifizialaren, hiztegigintzaren, itzulpengintzaren hizkuntza-kudeaketaren eta hobekuntza sozialaren eremuko profesionalekin.
Hitz gakoak
Sortze-hizkuntza
Hizkuntza kalitatea
Erreferentzia Marko Estandarraren elementua
6-Kudeaketa-sistema
Kudeaketa aurreratuaren ereduaren elementua
1-Estrategia

Hizkuntza-kalitatea bermatzeko prozesua

Elhuyarreko lan-hizkuntza euskara da eta lanerako sortzen dugun dokumentazio guztia euskaraz sortzen dugu. Gure jardunaren zutabe nagusiak euskara eta hizkuntzak dira; horregatik, guretzat ezinbestekoa da gure eguneroko lanean eta sortzen ditugun euskarri eta dokumentuetan hizkuntzaren kalitatea bermatzea. Hori horrela, Elhuyarren sortze-hizkuntzari buruzko irizpidea zehaztuta daukagu:

- Elhuyarren euskara hutsean izango dira hizkuntza-edukia duten elementu guztiak (idatzizko euskarriak, inguru digitalekoak, ahots bidezkoak, prentsaurrekoak, ekitaldiak, barne- eta kanpo-komunikazioak...). Hala ere, egoera batzuetan, euskara ez ezik beste hizkuntza bat edo batzuk erabili beharra dugu. Hortaz, euskaraz gain, beste hizkuntzak erabiltzeko beharra sortzen denean, itzulpenak egingo ditugu.

- Horrela, irizpideak zehaztuta izateaz gain, gure edukien hizkuntza-kalitatea bermatzeko prozesua ere definitu dugu.

Sortze-hizkuntzari dagokionez:

- Sortutako edukia edo dokumentazioa argitaratzekoa bada, edo publiko zabal bati helaraztekoa, langileak sortu ondoren, gure zuzentzaile profesional batek gainbegiratzen du testua.

- Sortutako edukia lankideekin edo bezeroekin partekatzekoa bada, langile bakoitzak baloratuko du hizkuntzaren kalitatea bermatzeko laguntzarik behar duen. Horregatik, ezinbestekoa da lankideen hizkuntza-maila bermatzea eta hizkuntza ere erakundearen hobekuntza-prozesuetan integratzea.

Horiek horrela, ekintza hauek lantzen ditugu lankideekin:

- Hizkuntza-kalitatearen arduradunak izendatuta daude. Erreferentziazko pertsona adituak dira erakundean eta baita erakundetik kanpo ere. Lankideei sortzen zaizkien hizkuntza-zalantzak erantzuten dituzte, gomendioak ematen dituzte, hobetu beharrekoak identifikatzen dituzte.

- Lankideek sortutako txosten eta dokumentuak aztertzen ditugu eta hizkuntzari dagokionez hobetu beharrekoak eta akatsak identifikatzen ditugu. Ondoren, lantaldeari helarazten dizkiogu trebakuntzaren bidez.

- Lankideek euskararen C2 ziurtagiria eskuratzea sustatzen dugu eta azterketa prestatzeko trebakuntza-saioak antolatzen ditugu. Horrela, langileen % 60k dauka C2 maila egiaztatuta eta % 40k C1 maila.

- Gure zuzentzaile profesionalekin lankide guztientzako trebakuntza-saio espezifikoak antolatzen ditugu, euskaraz zuzentasunez idazteko aholkuak partekatzeko.

- Egunero trebakuntza-pilula bidaltzen diegu lankide guztiei. Pilulen bidez ikasitakoa neurtzeko tresnak egiten ditugu, nahi duenarentzat.

Euskara ez den hizkuntza batean idatzi behar dugunean:

- Gure sortze-hizkuntza euskara da, baina, askotan edukiak eta dokumentuak beste hizkuntza batean ere behar izaten ditugunez, itzuli egiten ditugu. Eduki hori argitaratzekoa bada, edo publiko zabal bati helaraztekoa, gure itzultzaile profesionalek egiten dute.

- Itzulpena lankideekin edo bezeroekin partekatzekoa bada, eta langileak helburuko hizkuntza ondo ezagutzen badu, langileak berak egingo du itzulpena eta horretarako baliabideak eskaintzen dizkiogu:

- Itzulpen-prozesua errazteko, Elia itzultzaile automatikoa eskuragarri dute lankide guztiek; erregistratuta daude, dokumentu osoak itzultzeko aukera dute eta glosario propioak txertatzeko aukera dute.

- Euskara ez den beste hizkuntza batera itzultzeko Elia erabili bada, helburuko testu hori orraztu egin behar da, testuaren zuzentasuna lortzeko.

- Trebakuntza jasotzen dute lankideek, itzultzaile automatikoak sortzen dituen akatsak ondo identifikatzeko, horiek zuzentzeko jakintza edukitzeko eta postedizioaren garrantziaz ohartarazteko.

- Gure zuzentzaile profesionalekin lankide guztientzako trebakuntza-saio espezifikoak antolatzen ditugu, testuak gaztelaniaz zuzentasunez idazteko/gainbegiratzeko aholkuak partekatzeko.

- Batzuetan, ordea, nahikoa da itzulitako testua azaletik ulertzea edo nondik norakoa jakitearekin. Kasu horietan Elia itzultzaile automatikoa erabiltzen dugu, baina ez dugu gainbegiratzen. Dokumentuan ur-marka bidez adierazten dugu automatikoki itzulitako testua dela, eta ez dela gainbegiratu. Egoera jakinetan ulermena bermatzeko denean bakarrik erabiltzen dugu aukera hori.



Loturak eta materialak

2021ean Hizkuntza Politikarako Sailbuurordetzak "Kudeaketa Aurreratua eta hizkuntzen kudeaketa. Integraziorako Gida" tresna garatu zuen, Euskaliten laguntzarekin. Gida honek hizkuntzen kudeaketan garrantzia duten kontuak kudeaketa sistema orokorrean integratzeko bidea ematen du, kudeaketa aurreratuaren ikuspegi eta tresnekin lerrokatuta.

Kudeaketa Aurreratua eta hizkuntzen kudeaketa. Integraziorako Gida

Jendaurrean.eus gida. Jendaurreko komunikazioan euskara gehiago, hobeto edo eraginkorrago erabili nahi duten erakunde eta eragileen jarduna errazteko bide eta bitartekoak jasotzen dira.

Proiektuaren erakunde sustatzaileak izan dira: Soziolinguistika Klusterra eta Euskal Herriko Unibertsitatea, eta  babesleak Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia.

Jendaurrean.eus erakundeek euskaraz komunikatzeko gida

Kudeaketa Aurreratuaren Ereduaren helburua da erakundeei beren kudeaketa hobetzen laguntzea, edozein dela ere beren sektorea, tamaina eta garapen-maila. Eredu honi esker erakundeak bere indarguneak eta zer hobetuak identifikatu ahal izango ditu, lehiakortasunean eta iraunkortasunean eragiten duten 6 eremutan.

Kudeaketa Aurreratuaren eredua