HASIERA    EUSKALIT  ERABATEKO KALITATEA   ZERBITZUAK


Berrikuntza

Berrikuntza eta Bikaintasuna

Globalizazioak XXI. mendearen hasiera honetan bizitzen ari garen beste fenomeno ekonomiko batzuek erantzun argia behar dute Euskadiko enpresen aldetik, gure enplegu eta ongizate mailak hobetzeko edo, gutxienez, bere horretan jarraitzeko.

BERRIKUNTZA, duela hainbat hamarkadatik hona aipatu izan den kudeaketa kontzeptua da, baina une honetan gero eta indar gehiago ari da hartzen, erantzun hori emateko ezinbestekoa baita.

Kontzeptu batek indarra hartzen duen ia beti gertatzen den bezala, ohiko bi fenomeno ari dira gertatzen:

1. Zalantzak: Zein da eraginaren esparrua: produktuak, prozesuak, kudeaketa, etab.? Zein da bere aldea edo integrazioa beste kontzeptu batzuekin: hobekuntza (jarraitua, gero eta handiagoa, erradikala), bezeroaren poza, ezagutzaren kudeaketa, etab.? Nola ezartzen da: egitasmo zehatz baten bitartez, prozesu berezi berria eratuz, prozesu guztietan landuz, etab.?

2. Moda: Kontzeptu berria goratzeko joera, lehentasunezko elementu gisa, baztergarria eta bateraezina erakundeak iraganean sartu dituen beste elementu batzuekin.

EUSKALITetik gure ekarpena egin nahi dugu, planteatutako zalantzetako batzuk argitzen saiatuz eta berrikuntzarako esfortzuak indartu beharraren alde dugun jarrera argia erakutsiz, baina Kudeaketako Bikaintasunarekin integraturik egongo den moduan.

Berrikuntza da Bikaintasun Ereduak eta EFQM eredua, zehatzago esanez, osatzen duen oinarrizko kontzeptuetako bat. EFQM ereduak honela definitzen du: 'produktu, zerbitzu, prozesu, sistema eta interakzio sozialetan dauden ideien adierazpen praktikoa'.

EFQM ereduak berrikuntzari buruzko oinarrizko ideiak ematen ditu, baina eredu horretan bildutako gainerako kontzeptuekin gertatzen den bezala, erakundeek metodologiak eta tresnak behar dituzte kontzeptu horiek ezartzeko eta indarrean jartzeko era iraunkorrean.

2000. urtetik EUSKALITek hainbat ekimen garatu ditu berrikuntzaren esparruan, 400 Klubeko kide diren enpresei eta erakundeei zuzenduak, batez ere, eta ikusi ahal izan dugu berrikuntza dela kudeatzeko konplexutasun gehien dituen alderdietako bat, eta era iraunkorrean egin ahal izateko beharrezkoa dela aurretik beste etapa batzuk gainditu izatea erakundeen kudeaketan. Aurre baldintza hori gabe berrikuntza puntuala da lor dezakegun bakarra, eta ez berrikuntza sistematikoa.

Zilarrezko edo Urrezko Q-a bezalako errekonozimenduak jaso dituzten erakundeek bikaintasunerako bidearen zati garrantzitsua aurreratu dute, baina oraindik beste horrenbeste edo gehiago falta zaie alderdi sofistikatuagoetan, berrikuntzan, adibidez.

Berrikuntzaren kudeaketak bi alderdi nagusi ditu:

- Erakundearen barruan, hori posible egingo duten testuinguru baldintza jakin batzuk sortzea.

- Ideiak produktu, zerbitzu, sistema, eta abar berrietan bilakatuko dituen prozesu zehatza izatea.

Hori burutu ahal izateko, erakundeek kudeaketarako ikuspegiak bideratu eta ñabartu ahal izango dituzte, honako puntu hauetan:

- Erakundearen estrategiak berrikuntza orientatzeko moduari buruzko ideia zuzendariak eman behar ditu, lehentasunezko negozio, merkatu, produktu edo zerbitzu berriak zehaztuz eta jarduketa planak ezarriz eta haietarako baliabideak jarriz. Hori guztia erakundearen helburu estrategikoetara bideratuta.

- Liderrek erakundearen barruan ekimen berritzaileen garapena erraztu eta bultzatuko duten atmosfera eta kultura sortu behar dute, eta onartu egin behar dute horiek eman ahal izateko beharrezkoa dela esparru ezezagunak aztertzea, arriskuak eta zalantzak norberaren gain hartzea eta haiekin bizitzea, eta horrela mota guztietako emaitzak lortuko dituztela, eta, sarri askotan, arrakastetatik baino porrotetatik gehiago ikasiz. Beraz, alderdi batzuetako kudeaketa zehatza, sistematikoa eta ordenatua beste alderdi batzuetako bilaketarekin, zalantzarekin eta esperimentazioarekin bateratu behar dute.

- Ahalik eta pertsona gehiago sartu behar dira aukeren identifikazioan, haien azterketan eta materializazioan, eta horretarako hori bultzatuko duten aukeraketa, trebakuntza, komunikazio, ordainketa eta aintzatespen sistemak ezarri behar dira. Berrikuntzaren atmosfera eta kultura pertsonen eguneroko jardueretaraino sartzea lor dezakegu.

- Bezeroak inspirazio iturri nagusietakoa da produktu eta zerbitzu berriak garatzeko. Bezeroei gaur egungo eta etorkizuneko beharrei eta itxaropenei buruz galdetzea, haien zalantzak eta zailtasunak ulertzea eta gaur egun eskaintzen dizkiegun produktuak eta zerbitzuak nola erabiltzen dituzten ikustea ideia berriak lortzeko iturri agortezinak dira. Halaber gure bezeroen bezeroak ere aztertu behar ditugu, existitzen baldin badira.

- Sortzen diren ideietan oinarrituz, balio erantsi handiagoa emanez, merkatuan arrakasta izango duten produktu eta zerbitzu bilakatzeko gai izango diren prozesuak ezarri behar dira. I+G prozesuetatik berrikuntzak ekarriko dituzten ideiak sor daitezke, baina haien ekarpen nagusia, merkaturako hauteman diren eta enpresan existitzen diren ezagutzekin bete ezin diren beharrei eta aukerei erantzuna ematea da.

- Hornitzaileekin dauden aliantzen eta harremanen kudeaketa zuzenak asko handitu dezake norberaren gaitasuna, eta bakarka ezinezkoak izango liratekeen aukerei aurre egiteko aukera ematen du.

- Teknologiaren garapen azkarrak, TICS izeneko informaziorako eta komunikaziorako teknologiei dagokienez, batez ere, berrikuntzarako potentzial handia duten esparru berriak irekitzen dizkigu gure produktuentzat eta zerbitzuentzat.

- Beharrezkoa da helburuak ezartzeko eta lortzen ari garen emaitzak neurtzeko aukerak emango dizkiguten adierazleak ezartzea, eta horretarako kontuan izan behar dugu, sarri askotan, atzerapen handia gertatu ohi dela ekimenak martxan jarri eta emaitzak lortzen diren arte.

Lehengo kudeaketa ikuspegiek berrikuspen kritikoa jaso behar dute aldian behin, horrela haien eraginkortasuna hobetzen joateko.

Erakunde bakoitza bakarra da eta, beraz, bere bidea definitu beharko du, baina badaude erreferentziazko gidaliburuak, duela denbora gutxi argitaratutako 'the EFQM framework for innovation' edo EUSKALITen garatzen ari garen 'berrikuntzaren diagnostikorako galdetegia'. Horiek, erakunde aurreratuen planteamendu eta adibideekin batera, definitzen lagundu ahal izango digute.

Gehiago jakin nahi baduzu...