Ebaluazio-prozesu honek antza du enpresen kudeaketaren kalitatea ebaluatzeko erabili ohi den metodoarekin, baina nabarmen arinagoa da: funtsean, kanpoko talde ebaluatzaile batek zure enpresa ebaluatuko du, indar-guneak eta zer hobetuak identifikatuz. Horretarako aurrez helarazitako informazioa irakurriko du eta zure enpresa bisitatuko du. Ebaluazioa da, eta ez auditoria.
Hona hemen pauso nagusiak:
- Web honetan ''Erakundeek izena emateko gunea'' izenekoan sartu eta bertan galdetzen direnei erantzunez, eskabidea egin.
- Zure eskabidea onartua bada, apirilean Idazkaritza Teknikoa zurekin harremanetan jarriko da Aurre-txostena osatzeko. Txosten hori Idazkaritza Teknikoak landuko du, enpresarekin elkarlanean, eta ebaluatzaileek zure enpresa ebaluatzeko jasoko duten oinarrizko informazioa bilduko du.
- Koordinatzaileak, edota enpresak izendatzen duen ordezkariak, Euskalitek eta HPSk antolatuko duten prestakuntza-saiora joan beharko du, nahitaez. Prestakuntza-saio hauen bitartez, enpresa eta erakundeak ebaluatzeko Ebaluatzaile Kluba sortuko da.
- BIKAIN kudeatzen duen Idazkaritza Teknikoak jakinaraziko dizu zein ebaluatzaile proposatzen duen zuen enpresa ebaluatzeko.
- Izendatu diren ebaluatzaileekin ados egonez gero, talde ebaluatzailea goiz batez zure enpresara joango da ebaluazio-eguna zehaztu, agenda itxi, eta eskuratutako informazioa osatzera, hori beharrezkoa balitz. Idazkaritza Teknikoko kide bat bertan izango da.
- Ebaluazio-eguna: talde ebaluatzaileak egun osoko bisita egingo du enpresara, agendan hitzartutako alderdiak aztertuz eta begiz jotako pertsonak elkarrizketatuz.
- Enpresak ebaluatzaileek landutako ebaluazio-txostena jasoko du, lortu duen puntuazioa barne. Puntuazio hori behin-betikoa izango da.
- Kontraste-bilera (aukeran). Enpresak nahi izanez gero, bilera egin ahal izango du ebaluatzaileekin txostenean adierazitako alderdien gaineko azalpen zabalagorik jasotzeko. Esan bezala txostenean emandako puntuazioa behin-betikoa da.
- Ziurtagiria jasotzea, hala balegokio. BIKAIN Ziurtagiriaren marka egoki erabiltzeko eskuliburu bat helaraziko zaio enpresari.
|